Lan solidarioa

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, 2022ko otsailean, asociación CHERNOBIL elkarteak ahaleginak egin ditu Txernobilgo ingurune kutsatuko baliabiderik gabeko familiak eta adingabeak Euskadin babes daitezen, haien nahia hori bazen.
Errefuxiatuei arreta ematen esperientzia handia duen Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin (GBGE) lankidetza estuan, eta hainbat erakunde pribatu eta publikoren laguntzari esker (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala, besteak beste), hainbat autobus antolatu ditugu Ukrainatik irten ahal izateko. Izan ere, adingabe horiek lotura pertsonalak zituzten euskal familiekin aldez aurretik, elkarteak 1996az geroztik sustatzen duen aldi baterako Harrera-programari esker. CHERNOBIL elkarteko lau boluntario Katowicen (Polonian) egon ziren errefuxiatuen irteera koordinatzen asilo-eskaera gehien egin ziren unean. Ukrainako familien helmuga Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira.
Errusiaren inbasioak premia larria bihurtu du Ukrainara laguntza humanitarioa helaraztea, are gehiago Txernobilgo zonaldean, istripu nuklearraren ondoren ekonomikoki eta sozialki deprimituta dagoen eskualdea. Elkarteak berak edota talde desberdin eta erakundek (ikastetxeak edo saltokiak, esaterako) jasotako diru eta laguntza humanitario ugari bidali dugu Ukrainara jada. Gehien behar dituzten produktuak arropa eta higiene-produktuak dira. Era berean, Ukrainan jarraitzea erabaki duten familiei elikagai osasungarriak erosten laguntzen zaie aldizka. Horretarako, tokiko hornitzaileak ditugu. Honez gain, gure artean bizi diren errefuxiatuei babesa eskaintzen zaie eta eskura dituzten baliabideen berri eman. Elkartearen laguntza, jakina, euren etxebizitzetan hartzea erabaki duten EAEko eta Nafarroako familiei hedatzen da.
Bazkideek egindako ekarpenei eta dohaintzei esker ere, Ukrainara botikak bidaltzen ari gara zonalde behartsuenetako ospitaleetan banatzeko. Horien artean, Txernobilgo bazterketa- eremukoa dago.
CHERNOBIL elkarteak lankidetza estua izan du erakunde publikoekin, eta deitutako hitzordu guztietara joan da egoera aztertzeko, etorrerak koordinatzeko edota harreraren jarraipena egiteko. Ukrainari eta bere biztanleei babesa emateko hainbat ekitalditan ere parte hartu dugu, baita bakea eta errusiar erasoaren amaiera eskatzeko manifestazio eta mobilizazioetan ere.
Dugun boluntario sare zabalari esker, CHERNOBIL elkartea gure herri eta hirietako bizitza sozialean oso presente egon da azken urtean Txernobilgo adingabeei eta haien familiei laguntzeko helburuarekin. Elkartea Bilboko eta Donostiako Aste Nagusietan izan da, Donostitruk azoka eta Jazzaldia bezalako ekimenetan (Donostian), Errealaren Egunean, Pasaiako Itsas Festibalean, Nafarroako Eskubaloiko Federazioaren Eskubaloiaren Egunean, Bera Beraren eskubaloiko partiduan (non diru-bilketa elkartearentzat izan zen), Urretxuko Aniztasunaren Festan, Zerua eta Garia Mendaroko festibalan eta beste hainbeste auzo eta herritan, hala nola Amara Berrin eta Altzan (Donostia), Getxon, Bilbon, Deban, Errenterian, Hernanin, Urduñan, Leioan edota Mundakan.
Era berean, CHERNOBIL elkarteak hainbat komunikazio publiko kanpaina jarri du abian Ukrainako adingabeen egoera ezagutarazteko, eta laguntza eskatzen duten komunikabideekin elkarlanean aritzen da herrialdean bizi den errealitate gogorra modu gizatiar eta leialean ezagutarazteko. Elkartea ikusgarri publiko horretaz baliatzen da bere helburu eta jomugak zabaltzeko.